Seed Capital Bizkaiak, satelite txikientzako kameren garapenean punta-puntako enpresa bizkaitarrarekin duen konpromisoari eutsi dio, azkeneko kapital gehikuntzan parte hartuz.
Satlantis 2014. urtean sortu zen, proiektuaren potentzialtasunean tinko sinetsi zuten hainbat diziplinetako aditu talde batek gidatuta: irudi multiespektralak hartzeko gai den kamera txiki bat sortzea. “Gure ibilbideari ekin genion – dio Juan Tomás Hernanik, Satlantis’eko kontseilari delegatuak –, hasierako teleskopiotik monitorizazio mikrosateliteetara jauzi egiteko helburuarekin, hau da, balio estrategiko edota ekonomiko berezia duten azpiegitura handien edo eremu geografikoen behaketa denbora errealean egiteko erabiltzen diren mikrosateliteetara hain zuzen; eta hauek abiapuntu hartuta, aurrerago, geo-inteligentzia eta datu zerbitzuen eskaintzara igarotzeko asmoz”.
Satlantis enpresaren garapen teknologikoen balio erantsia sortu duen kameraren dimentsioetan aurkitzen da. Bere pisua, antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuekin alderatuta arinagoa izanik, sektorean interes handia piztu du, kostuetan izan ditzakeen ondorioengatik; duen tamainak, gainera, ez baitu esan nahi eskaintzen dituen zerbitzuetan inolako errendimendu galerarik dagoenik.
Foru Aldundiaren laguntza hasiera-hasieratik
Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, foru erakundeak proiektuarekiko bere sorreratik izan duen konpromisoa nabarmendu du. “Satlantis oinarri teknologikoa duen industria enpresa proiektua da, Bizkaiarentzat hazkunde iturri izan ahal dena eta enplegua sortzeko ahalmen handia duena gainera. Jaiotzen ikusi dugun proiektua da, eta hasierako faseetatik gaur egunera arte izan gara bidelagun; dagoeneko heldutasunera iritsi den proiektu bat da, bai ikuspuntu teknologikotik eta baita aktibitate aldetik ere. Eta horrela jarraitzen dugu, Satlantis, lurralde gisa ditugun erronka eta trantsizioekin bat datorren eta lerrokatuta dagoen proiektu berritzailea delako”.
Etorkizuneko erronkak
Satlantis’eko kontseilari delegatuaren hitzetan, “aurreko bost inbertitzaileek rol estrategikoa betetzen dute enpresaren sustapenean, eta haien konfiantzak ingurumenaren alorrean satelite bidezko soluzio konpainia bihurtzera eraman gaitu, metano isuriak antzematea bezalako erronkei erantzuna emanez; edota plastikoak itsasoan, suteak adibidez”. Era berean, gaineratzen du, “errondaren finantza ahalmenarekin, SATLANTIS International martxan ipintzen dugu, AEB’etan, Erresuma Batuan eta Arabiar Emirerri Batuetan enpresaren garapenaren arduraduna izango dena”.