Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak KONFEKOOP Seed Bizkaia abiarazi dute Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak Bizkaian egoitza duten kooperatibei zuzendutako partaidetza-maileguen funts berritzaile horren xehetasunak jakinarazi dituzte, zeina Seed Bizkaiaren bidez bideratuko den.
Funtsak partaidetza-maileguen bidez funtzionatuko du. Maileguok Konfekoop-ek hautatuko ditu, eta Seed Capital Bizkaia-k aztertuko. Proiektu bakoitzeko 125.000 euroko batez besteko tiketa zenbatetsi da, 7 urteko eta 2 urteko gabealdiko maileguekin, eta finantza-baldintza onuragarriak eskainiko dira, abal edo bermerik eskatu gabe.
2 milioi euroko hasierako kapitala
Ofizialki urrian abiarazita, KONFEKOOP Seed Bizkaiak dagoeneko badu Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren onarpena. Haren helburu nagusia, berriz, Bizkaian kooperatiben balio ekonomikoa eta soziala sustatzea da. Hasierako kapitala 2.000.000 euro da; kopuru horretatik 1.500.000 euro KONFEKOOP-enak dira, eta 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiarenak. Datozen hiru urteetan 16 eragiketa inguru egitea espero da, eta zuzeneko 64 lanpostu sortuko dira gutxienez.
“KONFEKOOP Seed Bizkaiarekin, estandar berri bat ezartzen ari gara kooperatibei emaniko laguntzan. Aberastasunaren sorrerari begiratzeaz gainera, aberastasun hori Bizkaiko bizi-kalitatea eta gizarte-sarea hobetzeko nola erabil daitekeen ere aztertzen dugu. Funtsak ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka adierazten du. Gure kooperatibetan lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzearekin batera, komunitatean gizarte-aldaketa positiboa sortzeko gaitasuna ere indartzen dugu “, azpimarratu du Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak.
“KONFEKOOPentzat garrantzitsua da Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzarmen hori egitea. Horri esker, gure enpresa kooperatiboek, funtsak emango dien onura baliatu, eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu ahalko dute, eta inbertsio berriei ekin, proiektuak zabaldu, hazi, internazionalizazio-prozesuetan abiatu. Azken batean, gure enpresek aukera izango dute eraldaketa digital, ekologiko eta sozialen buruan kokatzeko”, adierazi du Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak. “Gure arteko lankidetza faktore erabakigarria da kooperatibak enpresa legez gara daitezen, eta lehiarako abantaila ere bada. Beraz, argi dago lankidetza hori erabakigarria dela Bizkaiko gizartearen eta ekonomiaren garapenerako. Eredu kooperatiboa sustatzen jarraitzea eta, azken batean, Euskadiko enpresa-sarea onera ekartzen laguntzea ere, lehentasuna da KONFEKOOPentzat”, gaineratu du Lavinek.