S
Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Seed Capital Bizkaia sozietatearen lehendakariak gaur iragarri du kudeatzaileak 4,28 milioi euro inbertitu dituela 2024an, kudeatzen dituen zortzi funts eta programen bidez: I Funtsa, Bi Funtsa, EGEF, BAF, Start Bizkaia Funtsa, Konfekoop Seed Bizkaia, MicroEurope eta Crowdfunding Bizkaia. Datuetatik ondorioztatzen da inbertsioek % 23ko gehikuntza izan dutela, aurreko urteko inbertsioen aldean. 2024an, guztira 24 eragiketa egin ziren proiektu berritzaileak eta eragin sozialekoak bultzatzeko. Horrela, gaur egun 79 eragiketa bizi ditu zorroan, eta haietatik 9 funtsei eta 70 enpresei dagozkie; enpresa horiek urtean 16,77 milioi euroko fakturazioa dute eta 1.614 langile dauzkate.
Basurkoren esanetan, 2024. urtean eragiketa asko eta asko egin dira eta Seed Capital Bizkaiak azkartu egin du inbertsioen erritmoa, aurreko ekitaldian baino gehiago, 4,28 milioi euroko kopurura heldu arte. Horrek esan nahi du, guztira, 24 inbertsio-eragiketa egin direla hazi-kapitalaren eremuan. Basurkok gaineratu duenez, Seed Capital Bizkaiak Europako lehen mailako eragileekin (Europako Inbertsio Funtsa edo MicroEurope, esaterako) harremanak estutzearen eta inbertitzaile berriak sartzearen aldeko apustua egin du.
1989tik, Seed Capital Bizkaia sozietate publikoak finantzaketa-tresnak administratu eta kudeatzen ditu lurraldeko enpresak sustatu eta garatzeko. Kudeatzaileak inbertsioak egiten ditu ekintzailetza aurreratua sustatzeko eta enpresen hazkundea hasierako faseetan bultzatzeko, fase horietan handiagoa baita finantzaketa-arriskua. Seed Capital Bizkaiak segurtasuna eta konfiantza ematen die eragiketa horiei, eta hori da, hain zuzen ere, beste agente inbertitzaile batzuek horrelako eragiketetan parte hartzeko behar dutena. Horretarako, 42 erakunde laguntzailez osatutako sare baten laguntza du, besteak beste, banku-erakundeak, inbertsio-funtsak eta hazi-kapitaleko funtsak (publikoak zein pribatuak), family office izenekoak eta azeleratzaileak.
Enpresa-garapena finantzatzeko zortzi tresna
I funtsak partaidetza-maileguak ematen ditu, hau da, startup edo spin-off berritzaileen kapitaleko partaidetzak, enpresak finkatzen eta hazten laguntzeko. 2024an, funts horren bidez, 800.000 euro inbertitu dira 5 eragiketatan. Funts horrek partaidetzak ditu sektore desberdinetako 30 enpresatan, hala nola IKTak, industria, energia, metalmekanika, biotech, healthcare, teknologia, media, foodtech eta zibersegurtasuna.
Bi funtsa dagoeneko finkatuta dauden enpresa txiki eta ertainentzat da; enpresa horiek izaera berritzaile nabarmena eduki behar dute, ahal dela, oinarri teknologikokoa, eta hazteko eta enplegua sortzeko potentziala eduki behar dute. 2023ko ekitaldian, 4 eragiketa egin dira (1.559.968 euro guztira). Zorroan dituen 15 enpresen ehuneko handiena sektore hauetakoa da: industria, IKT, biotech, energia, zerbitzuak eta healthcare.
2024an, EGEF funtsak (ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa) 300.000 euro bideratu ditu 2 eragiketa berritara. Funts horrek eragin sozialeko ekimenak dituzten enpresak finantzatzen ditu, eta, gaur egun, 15 enpresako zorroa du sektore hauetan: hezkuntza, ekonomia zirkularra, gizarteratzea, laneratzea eta osasuna.
Bestalde, BAF (Biscay Anchor Fund) Bizkaiko Foru Aldundiaren funtsen funtsa da, arrisku-kapitaleko entitateetan, inbertsio kolektiboko erakundeetan, inbertsio alternatiboko funtsetan (nazionalak zein atzerrikoak) eta Bizkaian enpresak sortzea bultzatzen duten erakundeetan inbertitzeko. 2023ko ekitaldian, 6 eragiketa egin zituen (456.685 euro guztira).
Start Bizkaia Funtsa 2022an sortu zen, negozio-eredu eskalagarria duten 5 urtera arteko start up-ak finantzatzeko. Funtsak ekimen berritzaileak hasierako faseetan bultzatzeko helburua dauka, eta 2024ko ekitaldian 6 eragiketa onartuta eduki ditu, 600.000 euroko balioarekin.
Konfekoop-ek eta Seed Capital Bizkaiak Bizkaiko kooperatibak finantzatzeko sustatutako finantza-tresnak (Konfekoop Seed Bizkaia) 3 partaidetza-mailegu (guztira, 215.000 euro) eskaini ditu 2024an.
MicroEuropek fase berri bat hasiko du 2025ean, 2026. urterako 50 milioi euroko inbertsioak itxita edukitzeko helburuarekin. MicroEurope enpresa inbertsio sozial berritzaileetan aritzen da, eta Europan eragin soziala duten mikrofinantzaketa-entitateetan inbertitzen du. 2024an 200.000 euro inbertitu ditu eragiketa batean.
Azkenik, Crowdfunding Bizkaia equity crowdfunding-en plataforma da, hau da, finantzaketa kolektiboa erabiltzen du sozietate baten kapital-zabalkuntza finantzatzeko eta hartan parte hartzeko. Tresna horrek harremanetan jartzen ditu, batetik, proiektu berritzaile bat garatzeko finantzaketa behar duten sustatzaileak, eta, bestetik, inbertitzaileak. 2024. urtea finantzaketa-erronda batekin amaitu du (135.000 euro) 8 inbertitzaileekin batera.
Bizkaia, nazioarteko erreferentea eragin sozialeko inbertsioan
Ainara Basurkok gogorarazi duenez, 2024ko azaroko azken astean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Seed Capital Bizkaia erakundeak Impact Week ekitaldia antolatu zuten Impact Europe elkartearekin batera. Impact Week, Europa mailan, urteko ekitaldirik garrantzitsuena da proiektu berritzaileen eta eragin sozialekoen finantzaketaren eta inbertsioaren esparruan. 60 herrialde desberdinetako mila pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten kongresuan; guztira, 87 saio egin ziren eta 272 hizlarik hartu zuten parte. Impact Week-en barruan, Europako Inbertsio Funtsak, Europako Inbertsio Bankuak eta Europako Batzordeak, InvestEU programaren esparruan, Impact Equity Forum-en lehen edizioa egin zuten Bizkaian. Topaketa horretan, inbertsio-funtsen 170 ordezkarik ekonomia sozialeko aukerak aztertu zituzten. Horrek guztiak balio izan du Bizkaia erreferentziako lurralde gisa finkatzeko eredu ekonomiko, jasangarri eta arduratsuen sustapenean.