Konpainiak diseinu, garapen, banaketa eta salmenta prozesu guztia burutzen du bere webgunearen bidez, ahalik eta kalitate handiena prezio lehiakorrenean eskainiz
BIBŌO BIKES 2015eko irailean sortu zen bizikleta elektrikoaren euskal merkatua sustatzeko helburuarekin. Eta urtebete pasatxoan, maila lokalean bere lekua aurkitzeaz gain, nazioarteko eremura jauzia ematea ere lortu du.
BIBŌOren negozio eredua bezero bakoitzaren nahiei eta eskariei erantzuten dieten bizikleta elektrikoak eskaintzean oinarritzen da; bezeroak diseinu pertsonalizatuak eta hainbat material aukeratu ahal ditu. Hori guztia, prezio lehiakorrean zuzeneko ‘on line’ salmenten bidez, bitartekaririk gabe.
“Atzerritar asko ari da guregana hurbiltzen”, dio María Ribate enpresako komunikazio eta marketin arduradunak. “Pixkanaka hazteko asmoa genuen eta tokiko merkatutik merkatu nazionalera eta gero nazioartekora igarotzea, baina jauzia espero baino lehenago izan da”.
BIBŌOren hastapenak
Bi bazkidek sortu zuten BIBŌO 2015. urtean, hain zuzen, Pretty Sangronak eta José Ramón Ribatek. Euro Bike azokara bertaratu ostean, kontinente mailan sektoreak duen azokarik handiena, bizikleta elektrikoaren erabilera hazten ari zela jabetu ziren eta Euskadin bazela merkatu-nitxo bat hartarako. Ondorio honek, kirol honekiko zaletasunarekin batera, segmentu horretan espezializatzera bultzatu zituen. “Bereizi egiten gara, – dio María Ribatek – ez garelako inportatutako bizikletak saltzen dituen enpresa bat; guk asmatutako bizikletak eskaintzen ditugu, eta bizikleta hauen diseinu, garapen eta banaketa prozesu guztia egiten dugu. Gainera, ‘on line’ bakarrik saltzen ditugulako ere bereizten gara. Hautu horrek, kalitatea prezio lehiakorrenean saltzea ahalbidetzen digu”.
“Gainera, – jarraitzen du – gure bizikletak diseinatzerakoan, material guztiak kalitate gorenekoen artean hautatzen ditugu eta bermea ematen dugu, laguntza teknikoa ere eskaintzen baitugu. Kalitatea eta estetika asko zaintzen ditugu eta oso diseinu zaindua duten bizikleta elektrikoak egiten saiatzen gara. Errepideko bizikleta elektrikoetan ere ondo kokatzen ari gara eta merkatuan gure eskaintza indartzeko mendi eredu berriak merkaturatzeko lanean ari gara”.
BIBŌO bere bi bazkide sortzaileek ipinitako baliabide propioekin jaio zen eta, geroago, bere izaera berritzailea aintzat hartuta, sustatzaileek Bizkaiko Foru Aldundiko Seed Capital Bizkaiaren bidez laguntza jaso zuten.
Etorkizuneko erronkak
“Azkenean – adierazi du María Ribatek – enpresa baten hazkundeak era guztietako baliabideak bilatzera behartzen zaitu eta, 2015eko irailetik, dena martxan jartzen ibili gara, diseinuak prestatzen, gure burua ezagutzera ematen, hornitzaileak topatzen… eta, esfortzu guzti horren ondoren, fruituak ikusten hasi gara”.
Mariak konpainiaren hazkunderako merkatuan ezagutzera ematearen lanaren garrantzia nabarmendu du, are gehiago eskaintzen duen produktua ezaguna ez denean.“Gure webgunea ireki aurretik, enpresa modu bizian sustatu dugu sare sozialen bidez eta, horrez gain, prentsa idatzian irtetea lortu dugu, jende askorengana iritsiz. Erakusle gisa ere ekitaldi askotan parte hartu dugu”.
Gaur egun, BIBŌOk hiru bizikleta elektriko gama eskaintzen ditu: hiria, errepidea eta mendia. Bakoitzetik laurogei unitate inguru ekoizten ditu, modelo desberdinetakoak izan daitezkeenak, sektorearekin alderatuta prezio neurritsua dutenak. Gainera, eskaera pertsonalizatuak ere muntatzen ditu, hala nola titaniozko modeloak edo aldagailu bereziak dituztenak. “Muntaia hemen egiten dugunez – adierazten du Maríak –, beti erantzun diezaiekegu bezeroen eskaerei. Kasu horietan guztietan, bezeroarekin etengabeko komunikazioa mantentzen dugu eta horrek konfiantzazko harremanak sortzea ahalbidetzen du”.