Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, iragarri duenez, laster 4 neurri berri aktibatuko dira: merkataritzarako bonuen kanpaina bat, hornidura- eta ekoizpen-kateak berriz lurraldera ekartzea aztertzeko programa berri bat, lankidetza-hitzarmen berria Elkargirekin enpresei emandako maileguen gabealdia luzatzearen gastuei aurre egiteko, eta Seed Capital Bizkaiaren Bizkaia Aurrera mikrokredituen gabealdia luzatzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du epe laburrean, Ekonomia Sustatzeko Sailaren bitartez, suspertzeko eta lehengoratzeko neurri berriak jarriko dituela abian. Ainara Basurko diputatuak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran iragarri duenez 4 laguntza-lerro berri aktibatuko dira, datozen asteetan xehetasun handiagoz zehaztuko direnak, eta 2 milioi euroko inbertsio globala beharko dutenak:
- Programa berri bat enpresen dinamizazioa helburu duten enpresak biltzen dituzten eta enpresekin lankidetza-proiektuak gara ditzaketen bitarteko eragileentzat (irabazi-asmorik gabeko erakunde sektorialak), besteak beste ekoizpen- eta hornidura-kateak Bizkaian birkokatzea aztertzeko. Programa berri honek 800.000 euro izango ditu eta tokiko hornidura-katea hobetzea du helburu, hornitzaile global jakin batzuekiko mendekotasunak sortutako eragozpenei erantzuteko eta tokiko industria-oinarria indartzeko.
- Merkataritzako bonuak, Bizkaiko saltoki txikietan kontsumoa suspertzeko. Programa honetara milioi bat euro bideratuko dira.
- Elkargirekin lankidetza-hitzarmena egitea, Elkargik abalatutako enpresei emandako maileguetan gabealdia urtebetez luzatzearen gastuak estaltzeko.
- Gabealdia luzatzea Seed Capital Bizkaiaren bidez kudeatutako Bizkaia Aurrera mikrokredituetan.
“Bi milioi euroko aparteko inbertsioa; munta horri gehitu behar zaizkio Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak lehen sektorerako aktibatutako 1,2 milioiak, Ogasun Sailak aktibatutako zerga-neurriak, ekonomiari 100 milioi euro gaineratuko dizkiotenak, eta Ahaldun Nagusiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako foru-erakundeekin batera, iragarritako Erakunde arteko Planaren baitako inbertsio estrategikoak, eta baita erakunde honen inbertsioak ere, 2021eko gerakinean oinarrituta daudenak”, gogorarazi du Ainara Basurkok.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak balioetsi egin du Ukrainako gerra bezalako ustekabeko egoeren aurrean ehun ekonomiko eta enpresarialak dituen beharrak eta eskaerak ezagutzeko Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen entzute aktiboa. Ildo horretatik Ainara Basurkok azaldu du aurreikuspenak baikorrak zirela duela hiru hilabete, eta gerraren ondorioz zailtasun eta ziurgabetasun handiak sortu direla besteak beste lehengaien kostuen igoeragatik eta hornidura-zailtasunengatik, eta garraio-kostuen eta energia-kostuen igoerengatik.