Startup Wise Guys SaaS Bilbao programa BATen instalazioetan egingo da. Beraren helburuak honako hauek dira: SaaS, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, blockchain eta 5G teknologien arloko nazioarteko startup hoberenak bizkortzea Bilbotik, eta Bizkaian nazioarteko startup berriak sortzen eta garatzen laguntzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak Beaz eta Seed Capital Bizkaia sozietateen bidez eta Estoniako Startup Wise Guys (SWG) bizkortze-enpresak lankidetza-akordioa sinatu dute nazioarteko startup-ak bizkortzeko programa bat abian jartzeko Bilbon, hain zuzen ere BATen, Bizkaia Dorreko nazioarteko ekintzailetza zentroan.
Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatu Ainara Basurkok eta Startup Wise Guys-eko CEO Cristóbal Alonsok bizkortze-programaren berri eman dute: bi edizio edukiko ditu hasieran (2022 eta 2023), eta asmoa edizio bakoitzean 10 – 12 inguru startup aritzea da.
“Bizkaiko ekosistemak nazioarteko aliantza berria dauka datorren irailean BAT irekitzen denerako . Proiektuak erakarri nahi ditugu Bizkaira, hemen hazteko. Horrela berrikuntzako enpresen masa kritikoa handituko da. Horiexek dira Beaz eta Seed Capital foru sozietateen eguneroko lanaren helburua: ekintzailetza aurreratuaren ekosistema sendotzea eta nazioarteko talentua eta startupak erakartzea. Azken batean, helburu nagusia gure ekonomia lehiakorragoa izatea da. Hori ezinezkoa da talenturik eta berrikuntzarik gabe. Eta ekintzailerik gabe ere ezinezkoa da.”, esan du Ainara Basurkok.
Bizkortze-programak egiazko eragina eduki dezan parte hartzen duten startupetan, hautapen-prozesua erraztuko duen profil-eredua zehaztu da: business to business (B2B) ikuspegiko soluzioak; gutxienez bi pertsona startuparen sustatzaile gisa, proiektuan buru-belarri sartuak; prototipoa/MVP egiaztatua eta lehen salmenta-kopuruak dauzkana; eskalatzea eta nazioarteko hazkuntza xede duten negozio-ereduak
Gainera, programak lehentasuneko teknologia eta bertikalak finkatuta dauzka, honako hauek oinarri hartuta: SWGek honelako startupak bizkortzen bildutako esperientzia eta ezagutza, eta Bizkaiak bertako espezializazio-lehentasunen arabera bertikal eta teknologia jakinak erakarri nahi izatea. Hain zuzen ere, teknologien artean: SaaS softwarea, adimen artifiziala, deep learning algoritmoak, blockchain eta 5G. Eta bertikalen artean: fabrikazio aurreratuko softwarea, 3D, energiaren kontsumoaren optimizazioa, automatizazio adimentsua, garraio-sistema autonomoak, eta IoT segurtasuna, besteak beste.
Startupak bizkortzeko programak honako ardatz hauek dauzka:
- Ikuspegi presentziala edo erdipresentziala; egonaldi bat Bizkaian, 6 – 8 aste bitartekoa, eta programaren iraunaldian (6 hilabete) lurraldean barna zabaltzeko aukera. Startupak Bizkaian dauden artean espazioa edukiko dute BATen.
- Ekintzailetzako proiektuak bizkortzea eta eskalatzea xede dituen trebakuntza, honako hauek lantzen dituena, besteak beste: salmentei eta merkataritza-trakzioari buruzko informazioa, negozioaren garapena, finantzabideak, eskalatzea xede duten negozio-ereduak.
- SWGek 100.000 euro jarriko ditu gehienez parte hartzen duten startupak finantzatzeko; horrez gainera, Seed Capital Bizkaiak beste 100.000 euro ipini ahal izango ditu irizpideak betetzen dituzten startupak finantzatzeko.
Startup Wise Guys
Startup Wise Guys nazioartean ari den Estoniako startup-bizkortzailea da. Startup Wise Guysek bizkortzeko eta inbertitzeko programak egiten ditu teknologiaren eta industriaren arloetako nazioarteko startupetarako arrisku-kapitaleko funtsez baliatuz SaaS, Fintech, zibersegurtasuna eta jasangarritasuna bertikaletan. Honelako ekimenak kudeatu ditu Estonian, Letonian, Lituanian, Italian, Danimarkan, Errumanian, Afrikan (online) eta Espainian.
SWG “hottest” Accelerator in Europa in 2021 izendatu dute, nazioarteko beste aintzatespen batzuk beste eta 50 milioi euro inguruko arrisku-kapitaleko funtsa kudeatzen du.