Bilbon antolatuko da azaroaren 25etik 29era bitartean Impact Week 2024 foro europarra, inpaktu sozialeko ekonomia jasangarrian inbertitzen duten eragile ekonomiko nagusiak bilduz, izan ere, merkatu honek 80.000 milioi euro mobilizatu zituen Europan 2022an.
Azken urteotan, inpaktu sozialeko inbertsioa erantzun berritzailetzat zabaldu da desberdintasuna, klima-aldaketa, gizarte-inklusioa, ingurumenaren degradazioa eta egungo beste erronka batzuei aurre egiteko orduan. Jarduera honen bitartez, kapitala inbertitzen da, etekin finantzarioaz gain gizarte edo ingurumen mailako inpaktu positiboa duten enpresa edo proiektuetan.
Egoera honetan, gizarte eta ingurumen inpaktua duen inbertsioa bultzatzea xede duen Impact Europe izeneko Europako erreferentziazko sareak Bizkaia aukeratu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta honen Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako Seed Capital Bizkaia sozietatearekin batera antolatutako Impact Week 2024 nazioarteko foroaren egoitza izan dadin. Bilbo-Bizkaiak Turinen lekukoa hartu du Impact Week-en aurtengo edizioaren egoitza nagusitzat, hazkunde ekonomiko integratzailea sustatzeko egin duen ibilbide nabarmenagatik.
Aurten ekitaldiaren hogeigarren urteurrena ospatzen ari da, eta azaroaren 25etik 29era bitartean, nazioarteko topagune bihurtuko du Bilbo-Bizkaia, ekonomia jasangarria garatzeko kapitala mobilizatzen diharduten Europako eragile ekonomiko nagusiak bilduz. Merkatu honek goranzko joera du, eta Impact Europek argitaratutako azken txostenaren arabera, 80.000 milioi eurora iritsi zen Europan 2022an.
Impact Week 2024 antolatzeko Bizkaiko hiriburuko leku adierazgarriak aukeratu dira: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, San Mames estadioa eta BAT-B Accelerator Tower. Ekitaldietan 1.000 pertsona baino gehiago parte hartzea aurreikusi da.
Impact Week 2024 antolatzeko Bizkaiko hiriburuko leku adierazgarriak aukeratu dira: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, San Mames estadioa eta BAT-B Accelerator Tower. Ekitaldietan 1.000 pertsona baino gehiago parte hartzea aurreikusi da.
Hitzordu finantzarioak inpaktu sozialeko filantropiaren arloko pertsona garrantzitsuak izango ditu partaide: Leslie Johnston (Laudes Foundation), María Ángeles León (Global Social Impact Investments eta Open Value Foundation), Shiva Dustdar (European Investment Bank Institute) eta Gilles Vermot-Desroches (Schneider Electric Foundation).
Egiazko gizarte-eraldaketa bideratu eta jasangarritasuna, desberdintasunen murrizketa eta ekonomia sozialaren sustapena bezalako gaiak jorratzen dituzten proiektuak garatzeko inbertsioa bultzatzea da topaketaren helburua.
Planeta eraldatzeko kapitala
‘Erokeria’, ‘ausardia’ eta ‘adimena’. Hiru ardatz horien inguruan antolatu ditu Impact Europek Impact Week-en edizio honetako gaiak. Ekitaldiaren lehen egunak ‘Erokeria’ (Madness) izango du mintzagai, egungo mundua aztertu eta gizarte-inpaktua eta ingurumen-inpaktuaren arteko bereizkeriak gainditzeko, betiere etorkizun koherenteagoa lortzearren.
Bigarren egunean, berriz, ‘Ausardiaren’ (Boldness) txanda izango da, eta inpaktu sozialeko filantropiarekin zerikusia duten profesionalak bilduko ditu ideia disruptiboak eztabaidatu eta sustatzeko, parte-hartzea eta sareen sorrera bultzatuz.
Azkenik, hirugarren egunean, ‘Adimena’ (Brightness) izango da aztergai, guztiz beharrezkoa baita, tailer interaktiboen eta kapital kolektiboaren mobilizazioaren bidez eta lankidetzaren zein inpaktuko lan praktikoaren ikuspegitik, 2025. urteari begira eman beharreko hurrengo urratsak planifikatu ahal izateko.
Lehen mailako eragile ekonomiko-finantzarioak
Impact Europek 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago biltzen ditu, fundazioak,, inpaktuko funtsak, inpaktuko eragile korporatiboak, finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, enpresen inkubagailu eta azeleragailuak eta startupak barne, eta hauexen artean dago Seed Capital Bizkaia, kongresuaren hogeigarren edizioko anfitrioi-lanetan eginkizun garrantzitsua izango duena.
Era berean, topaketaren barruko jarduera batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuko ditu Seed Capital Bizkaiaren bitartez, Euskadiko zein Estatuko ekosistema ekonomiko-finantzarioko lehen mailako erakundeekin batera: ONCE Fundazioa, SPAIN NAB, Mondragon Unibertsitatea, Social Nest Foundation, BBK Fundazioa eta Finantzen Euskal Institutua (IVF-FEI), baita European Investment Bank (EIB) eta European Investment Fund (EIF) erakunde europarrak ere, besteak beste.
Impact Week 2024 delakoan parte hartzeko erregistroa irekita dago jadanik esteka honetan. Datozen hilabeteotan behin betiko programa emango da ezagutzera, jarduera guztiak jasoz.
Bizkaia aitzindari eraldaketa sozialeko inbertsioan
Impact Week antolatzeak bultzada handia emango dio, etekin ekonomikoa duten gizarte zein ingurumen inpaktuko proiektuen aldeko inbertsioaren Europa mailako erreferentziazko ekosistematzat Bizkaiak abiarazitako posizionamendu-estrategiari. Bizkaiko Foru Aldundia herri-administrazio aitzindaria da Europa mailan inpaktu sozialeko proiektuen sustapenari dagokionez, eta azken urteotan balioaren sorkuntza ekimen publikoen bidez birdefinitu duen eragile eraldatzailetzat posizionatu da.
Bestalde, Seed Capital Bizkaiak tresna finantzarioak kudeatzen ditu duela 35 urtez geroztik lurraldeko berrikuntza sustatzeko eta enpresa-sarea berpizteko. Ildo horretan, proiektu berritzaile eta jasangarriak babesten ditu hainbat arlotan: osasuna, ekonomia zirkularra, hezkuntza eta kultura, eta laneratzea eta lan-inklusioa, besteak beste.
Ekintzailetza eta Inpaktu Sozialaren Funtsa 2014an abiarazi zuenetik, hainbat enpresaren garapen eta hazkundea bultzatu du, eta horien artean daude Koiki, azken miliako banaketan diharduen enpresa, kolektibo kalteberei lana eman eta Inpaktuaren Funtsaren lehen inbertsioa izan zena (2016ko abendua); Evolv, errehabilitaziorako soluzio teknologikoen garapenean espezializatutako gailu medikoen fabrikatzailea; edo Aplanet, enpresen jarduera jasangarritasunaren eta gizarte-erantzukizun korporatiboaren arabera kudeatu eta egokitzeko soluzio teknologikoen (softwarea) garatzailea, beste arrakasta-kasu batzuekin batera.
Impact Europe-ri buruz
Impact Europe, lehen European Venture Philanthropy Association (EVPA), Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Europan inpaktuko inbertsioa sustatzea du helburu. 35 herrialdetako 300 erakunde baino gehiago (fundazioak, inpaktuko funtsak, inpaktuko eragile korporatiboak , finantza-erakundeak, finantzatzaile publikoak, unibertsitateak, inkubagailu eta azeleragailuak) biltzen dituen nazioarteko sarea da. Aurten 20. urteurrena ospatzen ari da. Inpaktuko inbertsioa deritzona praktikatzen du, eta kontzeptu honek arriskuko inbertsioaren printzipioak eta praktikak aplikatzen ditu gizarte eta ingurumen-esparruan, baina ikuspegi estrategiko, neurgarri eta berritzailearekin, inpaktu sozial adierazgarri eta jasangarria lortzeko asmoz.
Seed Capital Bizkaiari buruz
Seed Capital Bizkaia 1989an sortu eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikita dagoen sozietate publikoa da. Tresna finantzarioak kudeatzen ditu Bizkaian berrikuntza sustatzeko eta enpresa-sarea berpizteko. Lurraldeko enpresa sortu berriak edo lehendik dauden sustatzen eta garatzen laguntzea du helburu, gizartean inpaktu positiboa duten proiektuak babestuz. Baliabideen kudeaketa eraginkorra, zerbitzuaren kalitatea, ingurumenarekiko errespetua, gizarte-erantzukizuna, eta gardentasuna eta osotasuna dira bere balio nagusiak.