Produktu eta zerbitzu digitalak diseinatzen dituen estudio honen espezializazioa beste konpainia batzuei berritzen eta hazten laguntzea da
Unexpendables Bilboko startup enpresa bat da, kontu handien alderdi digitala hobetzea ardatz duena, erabiltzaileen satisfazioa akuilu gisa baliatuta. Etorkizunera begira, konpainiaren fundatzaile Sergio De la Casak ezinbestekotzat jotzen du “konpainia erabiltzaile-esperientzia efizienteak sustatzera bideratzea, Euskadiko enpresa-sarean ikuspegi hori beste lurralde batzuetako homologoen azpitik baitago”. Horretarako, egungo langile-taldea indartuta handitu nahi du: sei lagunek dihardute gaur egun, eta Seed Capital Bizkaia Mikroren finantza-babesa dute.
Erabiltzaile-esperientziaren merkatu sortu berriari dagokionez, Sergio De la Casak, bizkarrean 17 urteko baino gehiagoko esperientzia duela, honako hau nabarmentzen du: “Modan dagoen terminoa denez, badirudi berez eskaintzen dena baino zerbitzu gehiago dagoela. Baina horren arrazoia zera da, gaiari buruz ezagutza eskasa daukagula, eta asko eta askotan erabiltzaile-esperientzia ez diren zerbitzu asko eskaintzen direla”. Nahiz eta negozio-nitxo hori hor egon, Unexpendables konpainiak ez du aurreikusten hazkunde bizkorrik merkatu-kuota ahalik eta abiadurarik bizienean lortzeko; aitzitik, balio handiagoko zerbitzua pausaz eskaintzearen aldeko apustua egiten du, balioa sortzeari bolumenari baino garrantzi handiagoa emanda. “Xehetasunaren mimoari eta kontzeptuari dagokionez, biltegi handia baino boutiquea gara”.
Erabiltzaile-esperientzia negozioak garatzeko tresna
Nahiz eta azken urteetan ikusgarritasun handia eskuratu duen terminoa izan, erabiltzaile-esperientzia orain hogei urte baino gehiago sortutako diziplina da, pertsonek interfaze digitalen aurrean zer portaera duten aztertzeko, guztia ere euren beharrizanak asetzeko bidea optimizatzen laguntzeko. Negozio efizienteagoak eraikitzeaz gain, enpresek garapen digitaletara bideratutako aurrekontuak ere optimizatzen dituzte: inbertitutako euro bakoitzeko 100 € ere optimiza ditzakete. Era berean, porrot egiteko arriskua ere aldentzen dute. “Erabiltzaile-esperientziak, funtsean, erabiltzaileen satisfazioa baliatzen du negozioa artikulatzeko akuilu gisa. Ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat. Guk zentzuz eta konforme dauden erabiltzaileak nahi ditugu, gehiago gomendatzen baitute, gehiago erosten, zerbitzuak maizago baliatzen dituzte, eta batez besteko ticket handiago izaten dute. Paradoxa badirudi ere, harrigarria da zeinen arreta kaskarra eskaintzen diogun erabiltzaile-esperientziari, jakinda huraxe dela ekimen digitalek porrot egiteko arrazoi nagusia”, nabarmendu du De la Casak.
Balio-proposamena Euskadin
Unexpendables konpainia 2012 amaieran sortu zuen Sergio De la Casak, produktu eta zerbitzu digitalen diseinu-estudio gisa, erabiltzailearengana bideratutako ikusmoldearekin eta beste konpainia batzuei berritzen eta handitzen laguntzeko. “Enpresa sortzeko erabakia lan honekin dugun bokazioan oinarritu zen, bagenekielako balio erreala duen proposamen bat genuela, Euskadiren tankerako toki batean txertatzen ote den ikusteko”.
Bost urte geroago, Unexpendables konpainiak merkatuan sendotzea lortu du eta Bilbon jarraitzen du, hasiera batean behintzat enpresa-ingurune egokiagoak izan litezkeen horietara aldatu gabe. Bide horretan, zailtasunak gainditu behar izan dituzte, eta etorkizuna irmotzeko ondorioak atera ere bai. “Estudio txikia gara, Bilbon gaude, eta ikasten ditugun gauzak urteka zenbatzeko ohitura daukat”.
Ikaskizunak urtez-urte
“Lehendabiziko urtean egiaztatu genuen ezin litezkeela arrautza guztiak otar berean ipini. Bigarren urtean, Madrileko eta Bartzelonako bezeroak lortu genituen, eta izena irabazi. Horrek erakutsi zigun garrantzitsua dela saltzera irtetea. Hirugarren urtean, ikaskuntza nagusia zera izan zen, garapenean gutxiago geneukala fokatu beharra, horrek diseinu-estudio baino software-faktoria bihurtzen baikintuen. Urte horretan bertan, aita izan nintzen –bikiak–, eta hasi ginen ikusten ezinezkoa zela bakarrik ibiltzen ikastea, aliantza estrategikoak beharrezkoak direla beste enpresa batzuekin. Eta gerora ondo funtzionatu dute, gainera. Azken lezio handiarekin ikasi dugu plano estrategikoan bakarrik dugula zentzua, eta ez taktikoan; izan ere, askotan gu baino handiagoak diren enpresekin lehiatzen gara, eta indar hutsez edozer aukeratatik baztertuta utz gaitzakete”.
Seed Capital Bizkaiaren laguntza
Seed Capital Bizkaiak eman berri dion mailegu batek deskribatutako hazkunde-prozesua lagundu du. “Laguntza oso ondo etorri zaigu gure enpresaren garapenerako diruzaintza-fluxua bermatzeko; izan ere, nahiz eta txikiak izan, Bankia, EDP, Bartzelonako Udala, Prisa Taldea eta tankerako bezero handientzat lan egiten dugu, eta, batzuetan, finantzaketa-mekanismoak behar dira, gutxieneko segurtasun-maila bat bermatzeko”.
Etorkizuneko erronkak
Hazkunde horren lekuko, enpresara profesional gehiago ekarri izana, epe luzerako lan-itxaropenarekin ekarri ere. “Madrilen edota Berlinen bizi den jendea elkarrizketatzen ari gara. Eta pentsatzen dugu, ekartzekotan, geratzeko ekarri behar ditugula, eta ez etzi bueltan bidaltzeko. Taldean lan egiten dakien jendea behar dugu, pentsatzeko gauza dena, ez ebakitzeko eta itsasteko bakarrik; izan ere, kontu berritzaileak dauzkagu konpondu beharra, agian orain arte inork inoiz konpondu ez dituenak, eta horiek imajinatu dago egin beharra. Alde handia dago ariketa bat edota problema bat ebaztearen artean. Ariketa batean, badakigu aldez aurretik ebazteko bidea zein den, baina problema baten aurrean ez daukagu –hasiera batean behintzat– soluzioaren arrastorik. Bilatu dago egin beharra, eta bide horretan norberaren erremintak ez ezik, gizaki gisa dituzun gaitasunak eta trebetasunak ere sartzen dira”, nabarmendu du De la Casak.